XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Merkataritzako zuzenbidearen ikuspuntutik, langileon azterketa interesgarria da nabigazio konpainiaren titularraren ordezkari gisa diharduten neurrian.

Horren ildotik, langile horien artean ez daude besterik gabe aireportu edo aerodromo publiko zein pribatuetan laguntzaile gisa jarduten dutenak.

Alderantziz, langile horien multzoan enpresarioaren menpe eta ordezkari gisa jarduten duten guztiak ditugu, dela enpresaren establezimendu nagusian lan egiten dutenak, dela beste edozein lekutan lan egiten dutenak (berbarako, aire nabigazioko enpresa handiek agentziak eratzen dituzte, euren zerbitzuak emateko).

Espainiako Zuzenbideak ez du langile horien inguruko arauketa berezirik jaso eta, ondorioz, faktore eta dependenteei buruzko arauak aplikatu behar dira.

Bada, enpresarioaren laguntzaileei buruz aurretik egindako azalpen orokorrera jo behar dugu (ikus 32. zk. eta ondorengoak).

1167. Aireko langileak. -Aireko Nabigazioari huruzko Legearen arabera, aireko langileek aireontziaren aginte eta pilotajea gauzatzeko ardura dute, bai eta aireontziaren barruan zerbitzuak emateko ardura ere; langileok osatzen dute aireontziko tripulazioa (56. art.).

Langile multzo horren barruan, dena den, ondoko bereizketa egin daiteke: batetik, ontziaren barruko langile teknikoak ditugu, hau da, aireontzia gidatzearekin lotutako jarduera gauzatzen dutenak; bestetik, langile teknikoak ez direnak.

Azken horiek, nabigazioaren eginkizun osagarriak gauzatu edota bidaiariak zerbitzatzen dituzte.

Nabigazioarekin lotutako zeregin teknikoak egiteko, titulu egokia izan behar da nahitaez (58. art.).

Hegazkineria Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak 1991ko urtarrilaren 7an emandako ebazpenak titulu aeronautiko zibilak lortzeko arauak ezarri zituen (ebazpen hori urte horretako urriaren 18an emandako beste ebazpen batek garatu zuen eta, geroago, 1993ko urriaren 27ko ebazpenak zenbait aldaketa ezarri zituen).

Aireko nabigazio eginkizuna nazioarteko trafikoan gauzatzeko, gogoan izan behar dira Parisko 1919ko Hitzarmena eta Chicagoko 1944ko Hitzarmena.

Hitzarmenon arabera, aireontzia gidatzen dutenek horretarako doikuntza patentea izan behar dute nahitaez; gisa berean, aireontzia zein estatutan inskribatu eta estatu horrek luzatutako lizentzia ere izan behar dute.

Aireko langileen eginkizun tekniko edo materialak gauzatzen dituzte oro har; beraz, langileon eta enpresarioaren arteko harremanak lan kontratuan zehazten dira, eta horren inguruko xehetasunak gure azalpen edota azterketatik kanpo geratzen dira.

Aireko Nabigazioari buruzko Legeak ezartzen duenez, langile aeronautikoekin (lurreko eta aireko langileekin) egindako kontratuak araudi berezi eta hitzarmen kolektiboetan arautzen dira eta, horiek izan ezean, Lan zuzenbidearen arau erkideak aplikatuko dira. Azkenik, lan istripuei dagokienez, horren inguruko legeria hartuko da kontuan (63. art.).